KONTAKIZUNA ALDARRIKATZEA|Iker Fidalgo Alday

Iker Fidalgo Alday.

Memoria ez da elementu pasibo bat. Oroitzapenak subkontzientearen kapritxoen artean taxututa mantentzen den toki gisa jokatzen duen bitartean, memoria taldean eraikitzen den espazio bat da, transzendentziaren bermeari eusteko ekintza behar duena. Kontakizun bat da orduan, taldeak nonbaitekoa izatearen zentzu bat bilatzen duen espazio bat, topagune gisa eratzen den arte. Kontakizun zatikatua, pieza askok osatua, lerro atomizatu bihurtzen dutena, inoiz ez guztiz zehatza, baina, hala ere, identitate-zentzu bat errotzeko bezain indartsua. Bizipena, beraz, inoiz ez da nahikoa izango. Ez da nahikoa iragan baten parte izatea. Memoria ez da oroitzen denarena, hartan bizi denarena, hura eraiki, berreskuratu eta aldarrikatzen duenarena baizik.

Piezaren eta publikoaren arteko aktibazioan tenkatzen den hari ukiezin batean datza poesia. Joan-etorriko bide bat da, non aurrez aurre jartze bakoitzean irakurketa-geruza berri bat sortzen den. Artearen deskodetzean bizi-esperientziak parte hartzen du. Artelan bakoitza osatzen duten elementuek gurutzatzen duen bahe bihurtzen da publikoa. Ez da interpretatzeko edo irakurtzeko modu bat bakarrik. Behaketaren geruza irrazionaletaraino iristeko gaitasunean datza sorkuntza artistikoaren handitasuna. Ondorio fisikoak dituzten emozioak pizten dituzten geruzak, eta ezarritako araurik jarraitzen ez dutenak. Pasiboki begira egoteak ez du balio. Sorkuntzaren akuiluak eta proposamenak urtzen diren ispilu hotz bihurtuko ditu gure begiradak eta gorputzak. Artea ez da egin duenarena, hartan bizi denarena, digeritzen duenarena, aurrean jartzen zaionarena eta aktibatzen duenarena baizik.

Horregatik guztiagatik, emozioak zuzenean diziplinaren geruza ukiezinenarekin lotzen diren erreakzioak abiarazi edo indartzeko ahalmena du sorkuntza garaikideak. Objektuen, instalazioen, ekintzen eta performancezko apustuen bidez hautematearen geruzetan sakontzen du. Botere horrek lurralde kolektibo baten inguruan partekatutako sentipenak elkarrekin lotzen dituen zentzumenen esperientziak katalizatzeko bidea ematen du.

Interneten sortutako gizarte-mugimenduez ari dela, Malcom Gladwell (2010) kanadiar soziologoak dio ezinezkoa dela proiektu iraultzailerik aurrera eramatea pertsonen arteko harremanetarako aukerarik ez badago. Beste soziologo batzuk, César Renduelles (2013) esate baterako, sareko harreman modu berrien indar urriaz mintzo dira, eta edozein ekimen porrotera kondenatzen duen gizarte protesia dela diote. Badirudi, beraz, bertatik bertara elkartzeko aukerarik gabe hegemoniaren aurkako edozein jarrerak oso aukera gutxi duela errotu eta hazteko.

Aldarrikapen politikoak bere berezko mitologia sortzeko beharra du, haren itxura bateko ahultasuna gorabehera, gizartean benetako eragina duen mugiarazteko ahalmena baitu. Haien harremanen «kalitatea» gorabehera, ahalmen hori bada, immobilismoari uko egiten dion zer gisa, eta bizi garen gizartean hori ez da batere hutsala. Taldearen formak aldatu egin dira, denborak aldatzearekin batera, eta egoera berri horretan jarri behar dugu gure arreta osoa. Horregatik, sinbolikotasuna oinarri harturik irudikatzeko eta kontatzeko moduetan bere garapenerako aukera bat aurkituko du gizarte-kohesiorako edozein mekanismok. «Kontakizunak —irudien, musiken, abestien eta pelikulen itxuran— beharrezkoak dira aldaketaren gizarte-prozesuak kontatzerakoan, eta aldi berean haien bultzatzaile gertatzen dira» (Expósito, 2016).

Arteak askotariko kontakizunak ahalbidetzen ditu, eta komunikazio-eskema hedatu egiten da haietan entzute hutsean oinarritutako lotura oro alde batera utziz. Artelanak, sentipenen eta hautemateko ikuspuntu berrien abiarazle gisa, norabide bakarra gainditzen du eta publikoari maila berean elkarrizketa bat sortzeko aukera eskaintzen dio, non helburua espazio komun bat lortzea den. Haren corpus poliedrikoak ahalbide ugari eskaintzen dizkio: eskultura, argazkia, gorputza, espazio publikoko ekintza… eta, hala ere, osotasun bat da, gauzatze-tresnek bateratua. Beraz, artea kontakizun eta indar bultzagarri izan badaiteke, eta hark sortzen duen guztia lotura partekatu bihur daiteke, zeinaren gainean nagusi den diskurtsoaren aurkako edozein proiektuk babesa lortu ahal izango duen.

Memoriaren konkistak aldi berean bitarteko eta xede den estrategia bat aurkitzen du artean. Bidea bera (ber)eraikitzeko prozesu bat da jada, zeinaren gainean eraikitzen baitira balio ukiezinak, eta, aldi berean, horien gainean pausatzen da kidetasun-sentipen oro. Berriz ere, forma eta zentzua ematen duen taldearen lekua.

Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak eta Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak bultzatutako ITINERACCIÓN programaren barruan, Arabako Lurralde Historikoak protagonismo ukaezina du ZAS Kultur-ek komisariatutako proposamenean. Bizimodu batzuen desagertzea, auzolanaren indarra eta gure ingurua sentitzeko beste modu batzuk asmatzeko gaitasuna, horra jorratzen diren gai batzuk.

Nerea Lekuona Bajo el agua-rekin, Txaro Arrazola Weeble-Tentetieso (sobre el equilibrio)-rekin eta Iñaki Larrimbe Unofficial Tourism Araba-rekin instalazioaren, prozesuzkoaren eta hiriaren berrinterpretazioaren artean dabiltza, eta zuzeneko esku-hartzeak egingo dituzte Garaioko Interpretazio Zentroan, Zuhatzu-Kuartangoko bainuetxean, Ataurin eta Nerbioi Ibaiaren Parke Linealean, hurrenez hurren. Guztietan dira aipagai erkidegoa, talde-iruditeriaren berrinterpretazioa eta egunerokotasunetik abiatuta ahalduntzeko aukerak.

Memoriak artea behar du paisaia berri bat osatzeko, non bizitzak inoiz ez baitu ahaztuko nondik datorren. Guztia eta guztiok gara memoria, hemen eta orain zehatz eta errepikaezin batean elkartzen diren iragan ugarik osatutako gizarte-proiektu baten zatiak garelako. Geure narrazioen jabe izateak imajinatzeko modu subjektiboak etengabe berrasmatzeko gai izatea esan nahi du. Horrela baizik ezingo dugu amestu mundu bat, non txikia dena ez baita desagertuko homogeneoaren indar errukigabearen aurrean.

 

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s