Unofficialtourism Araba|Rubén Díaz de Corcuera testua (eus.)

Rubén Díaz de Corcuera

Paul Bowles nobelagile eta bidaiari handiak zioen: «Turista, gehienetan, hilabete edo aste batzuen buruan etxera itzultzen lehiatzen den bitartean, bidaiaria —ez baita inongoa, hurrengo helmugakoa baino— astiro mugitzen da urteetan lurreko puntu batetik bestera» (1949, The Shelering Sky, gaztelaniatik itzulia). Erants genezake turista beti etxera itzultzen dena dela, lehen baino lehen abiapuntura itzultzea beste erremediorik ez duena.

Turismo egitea, beraz, Bowlesek deskribatzen duen bidaiaren muturreko esperientziari muga garbi batzuk ezartzea da, kontuan izan gabe, edo bai, muga horiek direla, hain zuzen ere, haren eraldatzeko ahalmena deuseztatzen dutenak.

Turista bidaiaritik dator, jakina, eta ez alderantziz. Bidaiaria irudi erromantiko bat da, ia heroikoa. Erromantikoek iheserako, alde egiteko, erabateko arbuiorako aukera ezin hobea ikusten zuten bidaian. Gero, burgesiak gehiegikeria horiek (amairik gabeko bidaia, itzulerarik gabeko bidaia) kendu zizkion bidaiari, eta orain turismo esaten diogun hori bihurtu zuen.

Bidaiaria sortzaile bat zen, eta xede eta ibilbide originalak zor dizkiogu. Turistak, ordea, ez dauka lehenak egindako bideari jarraitzea beste asmorik, arriskurik gabe bidaiatzea besterik, eta hori terminoen arteko kontraesan bat da. Bidaiaria nomada bat da. Turista, bere sedentarismo tristetik oporrak hartu dituen sendentario bat. Bidaiaria, hitzez hitz, galduta dabilen bat. Eta inoiz ezin da hori turistari buruz esan. Turista kontsumitzaile bat da batez ere, inoren esperientzia originalaren bigarren mailako gozatzailea. Bidaiaria da benetako irudia, turista, haren klixea.

Turista, beraz, bidaia-giden (terminoen arteko kontraesana) apeu inplizituari amore ematen diona da: adituen arabera bizitzan behin besterik ez bada bisitatu beharreko tokietara joatea, gizon edo emakume bidaiatutzat joa izateko edota, bestela esanda, eskarmentuduna. Badu halako bildumazaletasun kutsu bat turistaren «bisitatu» behar horrek. «Postaleko esperientziak» dei genitzakeen horien bildumazaletasuna. Toki horietan egon izanaren segida pilatzen du turistak. Bere irudia agertoki —etengabeko irudikapenak, zenbatu ezin ahaleko irudiek, Benjaminek artelanei buruz salatzen zuen errepikatze amaigabeak nolabait agortutako— horietan islatzen den irudi bat bilatzen du.

Edota, baliteke horren guztiz kontrakoa ere. Ezer ez da argazkien, zinemaren edota telebistaren bidez uste genuena bezalakoa. Badugu horren eskarmentua eta orduan, tokietara joan behar dugu, berriz ere horren froga izateko. Irudiak gezurra esanez ematen digu informazioa eta orduan norbere begiz informazioa izateak bestek ez du balio. Munduak gezurra esan behar baldin badigu izan dadila bitartekorik gabe. Norbere begiz desengainatzeak bestek ez du balio.

Inor ez dago pozik, hori da bidaiaren jatorria eta turismo-negozioaren funtsa. Negozioa antsietatearen ekoizpena eta hura pixka bat leundu dezaketen produktuak aldi berean kontrolatzean datza, sendatu gabe, noski. Negozio biribila are ankerragoa da: gure ondoezaren jatorriak, etengabe lanari lotuta egoteak, geure bizitzan lanak duen garrantziak ematen digu ihes egiteko eskuartea, zigorra jasaten laguntzen diguten ihesaldi txiki horiek egitekoa.

Bidaia eta turismoa dira, hain zuzen ere, Iñaki Larrimberen (Vitoria-Gasteiz, 1967) Unofficial Tourism izeneko proiektuaren gaiak. 2007tik interesatzen zaio, gutxienez, turismoaren gaia artista horri. Urte hartan Turista en su ciudad lana aurkeztu zuen: Vitoria-Gasteizen (bizi den hiria) turista gisa ibili eta esperientzia dokumentatzen zuen lana.

Ildo berean, Unofficial Tourism proiektua 2010ean hasi zen Madrilen, eta ondoko hirietara bidaiatu du: Palmara, Cáceresera eta Lisboara. Unofficial Tourism-en mekanika nahiko sinplea da. Hiri horietan Larrimbek bertako eragileak eta laguntzaileak bilatzen ditu, beste era bateko ibilbide turistikoak, alternatiboak, asmatu eta burutzeko gai den jendea, betiere ikuspuntu eszentrikoetatik ikusita. Premisa horrekin, esate baterako, ehun urtetik gorako tabernaz tabernako ibilbide bat proposatu da, neonezko iragarkien beste bat, eguzki-erlojuena, pelikulen kokalekuena, antzinako garajeena, liburutegi bitxiena, grafitiena, erakusleihoena, igerilekuena eta gaueko klubena. Ibilbide multzo bakoitzaren mapa bat eta gida bat egiten dira, eta haien ale-kopuru nahiko hazia argitaratzen da, jendearen artean banatzen baitira azkenean. Horretarako turismo-bulego alternatibo ikuksgarriak erabiltzen dira: autokarabana bat, motogurdi bat, eta abar. Batzuetan, ibilbideen «egileek» berek egiten dute gidari lana.

Begien bistan dagoenez, turismoaren esparruan desautomatizazioa eta arroztasuna sartzea da kontua. Edota Larrimbek azaltzen duen bezala: «hiriari buruzko beste kontakizun batzuk zabaltzea». Erakunde hori desofizialtzea, eta administrazioaren eta turismo-enpresen eskuetatik ateratzea. Jendearen eskura bidaia fresko, ausart, amateur-ek moldatuak jartzea. Hartara, iruditeria turistikoaren sortzaileen eta erabiltzaileen arteko distantzia laburtzea lortzen da, ekoizleen eta kontsumintzaileen artekoa

Egokia da Unoffical Tourism eta Debord-ek ondoko eran definitzen zuen deribaren jardun situazionista alderatzea: «Bere burua jitoan uztea erabakitzen duen pertsonak edo pertsona taldeak uko egiten dio denbora gutxi edo asko luze batean arruntean izan ohi dituen mugitzeko edo harreman, lan eta entretenimenduetan jokatzeko arrazoiei, lurraren gorabeherek eta hari dagozkion eskakizunek eraman dezaten utziz» (1958, Théorie de la dérive; gaztelaniatik itzulia). Unoffical Tourism-en ibilbideetako batzuk, beraz, deribaren emaitza izan litezke aipatu berri den zentzu horretan. Noraezean ibiltze horren edo izaera flâneur horren mamitzea izan liteke. Ibilbide gisa bildu eta aurretik abisatu gabe, arte-prospekturik gabe, hots, saldukeriaz jendartean banatu ondoren, beste dimentsio bat hartzen dute. Simulakroarena. Badirudi oraingoan artistari zehaztugabetasun hori interesatzen zaiola, turismoa artearen testuinguruan sarraraztea, artea eta «artistak» turismoaren erakundean sarraraztera behartuz.

Estatuak eta enpresek bidaiaren—turismora beheratua, iruditeriari dagokiona, artistaren eremu profesionala— erakundearen gain duten kontrola intrusismoa da nolabait, usurpazioa. Inor ez bedi, beraz, kontrakoaz harritu: Larrimbek proposatzen duen bezala, arteak berriz ere turismoaren instituzioa bere egiteaz.

Oraingo honetan Unofficial Tourism Arabako landa inguruan garatuko da (Ekinean ibiltari, Araba, 2018), eta horrek berritasun handia dakar Larrimberen proiektuan. Hiritar batzuk susmatzen dugu landarik ez dagoela, norbaitek, Diputazioak edo norbaitek jartzen duela han hirien arteko bide luzeak alaitzeko. Horren antzeko zerbait egin omen zioten Katalina enperatrizari, gezurrezko hiriak eta herriak eraiki omen zizkioten, dekoratuak (marketeriazko hiriak), Potemkin edo Potiomkin hiriak esan zitzaienak, Krimea konkistatu berrian barrena egin zuen bidaiarako, benetako egia, gerraren ondorio desatseginak, ezkutatzeko.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s