UR AZPIAN| Juan Pablo Ordúñez Mawa eta Natxo Rodríguez testua

Juan Pablo Ordúñez Mawa eta Natxo Rodríguez.

«Espazio publiko» kontzeptuan gizartearekin eta guztionarekin zerikusi handiena duten kontuak alde batera uzten direnean, egokiagoa da agian «eremu publiko»az (Deutsche, Consonni) eta gai komunei buruzko eztabaida egiteko bidea ematen duten jarduera artistikoez hitz egitea. Publikoa denaren ideia horretatik esku-hartze artistikoa aukera bat da, kubo zuritik eta monumentuaren ideiatik aldentzen dena, testuinguruarekin zuzenean elkarrizketan diharduena eta toki-uneetarako proposamen zehatzak planteatzen dituena. Proiektu horiek askotan, Nerea Lekuonarena bezala, suntsikorrak dira gainera. Hau da, gertatzen dira eta espazio bat betetzen dute, oraingo honetan landa-natura inguru batean, denbora mugatu batez, inolako irauteko asmorik gabe, fisikoki behintzat. Suntsikortasunaren ideiak beste dimentsio bat du hemen, Garaioko parkean kokatutako piezaren iraupenaz harago. Izan ere, urtegi bat eraikitzean desagertzen diren herrien kasuan –Lekuonaren proposamenaren gai nagusia– arruntean egonkortzat eta gure bizitza osorakotzat jotzen ditugun baina interes orokorraren eta guztien ongiaren kariaz hautsi egiten diren eremuetaraino iristen da suntsikortasuna. Oraingo honetan argindarra sortu eta herritarrak urez hornitzea. Gauza egonkor bat, herri bat, etxeak, eliza, kaleak eta plazak…, itxuraz beti egon direnak eta beti egongo direnak, denboraren eta pertsonen joanaren lekuko, bat-batean desagertu egiten dira. Uraren azpian desagertu ere.

Arabako Uribarri-Ganboako urtegia eraikitzeko beren etxeak eta bizimoduak atzean utzi behar izan zituzten pertsonen oroitzapenak dira, hain zuzen ere Nerea Lekuonaren Ur azpian lanaren abiapuntua Itineracción programaren barruan. Tokirako bertarako proposamen xehe batekin (testuinguru historikoaren aldetik zehatzagoa alde fisikoari dagokionez baino) oso testuinguru zehatzean eragin nahi du, non, forma eta estetika kontuak alde batera utzita emozioak, bizkorgarriak, oroitzapenak, bizipenak abian jartzea lortzen baitu, baina baita gogoeta ere, hiru zati dituen gailu sinple batekin:

1.- Garaioko instalazioa

Hamahiru mila litro ureko urmael batek, parkeko informazio zentrotik gertu kokatuak, lotzen ditu egungo lekua —Garaiko herriko eliza zaharraren ondoan— eta gaur egun ur azpian dauden herrien iragana, urmaelaren hondoan dauden artxiboko irudi historikoek osatutako argazki-collage handi baten bidez. Aukera honetarako bereziki diseinatutako bandera urdin batek seinalatzen du. Ikur horrek hondartzetako seinaleen sinbologia (urtegiak eratutako Garaioko hondartzetatik metro gutxira dago) eta orain ur azpian dauden eraikinak aipagai dituen ikono bat biltzen ditu.

2.- Bisita-performancea

Piezaren egileak berak aktibatu zuen pieza taldeko bisita gidatu baten esparruan urmaelean murgildu eta bertaratuak «nora goazen jakiteko artxiboetan igeri egitera» bultzatuz, «historian igeri egin eta auziaren hondoa ikustera». Uretan plisti-plasta zebilen bitartean, guk orain argia eta ura izateko duela 60 urte Zadorra ibaiaren ertzeko herri haietatik alde egin behar izan zuten biztanleen abizenak esan zituen ozenki.

3.- Erakusleihoa ZAS Kultur Espazioan

Vitoria-Gasteizko Hedegileen kalean kokatutako ZAS Kultur Espazioan proiektuan erabilitako elementu batzuk egon ziren. Uraren ezinbesteko presentziarekin, Zas-en, haren erakusleihoan, kalearekiko harremana zuzenena den tokian, berriz ere urtegiaren inguruko abizenak izan ziren aipagai.

Txus Bilbao historiagileak, 2008an argitaratutako A cincuenta años…liburuaren egileak, esku-hartze artistikoarekin batera antolatutako topaketa batean azpimarratu zuen proiektu hidrauliko hura guztien onerako egindako ingeniaritza-proposamen aitzindaria dela, eta oraindik ere haren onurez gozatzen dugula. Baina aldi berean agerian utzi zituen mugiarazitako familiak tratatu ziren moduarengatiko kontraesanak. Ez zitzaien etxea eta gizarte-  eta familia-sustraiak bakarrik kendu, baita bizibidea ateratzeko modua ere, gehienak laborantzatik bizi baitziren eta lurraren mende baitzeuden. Topaketa berean, Juan Pablo Ordúñez Mawa artista eta ikerlariak ikuspegi kontraesankor berbera adierazi zuen gehienen interesaren eta eragindakoen trataera partikularraren artean. Lekuonaren Ur azpian lanarekin modu estuan lotuta dauden bi proiektutan izan duen esperientziarekin osatu zuen Mawak Ikuspegi hori. Sant Roma de Sau izenekoan 1962an urak estalitako Bartzelonako probintziako herri horren ikusezintasunaren eta historiaren inguruan lan egin du, herriko elizaren dorre sinbolikoa abiapunu harturik, zeinaren goiko partea azaleratu egiten baita tarteka, uraren mailaren arabera. Bigarrenean, Nacido en izenekoan, 1968an Leongo Porma urtegiko uren azpian zenbait herri desagertzeak ekarri dituen ondorioak –bizitzazkoak eta administraziozkoak–, arakatu ditu. Desagertze fisikoak bertako biztanleen jaiolekua aldatzea zekarren eta administratiboki bizirik jarraitzen zuen hurbileko beste herri baten izena jartzea dokumentuetan, jaiotako herriarenaren ordez.

Ez dira guztien ongia bilatzen duten, guztien beharra asetzen duten proiektu hauen xedea kritikatzen, haiek betetzeko modua baizik. Uraren eta hura ongi kudeatzearen garrantzia, hala gertatzen denean, garrantzi orokor bat duen gaia da, dudarik gabe, baina egiteko modua beti kritikatu daiteke. Xedearekin bitartekoak zuritzeko ahalegina, inposaketak zementuzko orban sakonak utzi dituen leku batean, nahiz horma itxuran, nahiz euskarri itxuran. Presa, zingira eta urtegien atala lokatzez eta lohiz betetako iruditeria gisa agertzen zaigu. Gauzak nola egiten diren, ekintzaren xedeari –zer egiten ari garen– loturik agertzen da beti. Etxeak utzi eta alde egiteko inposaketarekin batera desjabetzeak gertatu ziren batzuetan, eta bidezko ordainketak beste batzuetan. Historia oroitzapenen, bizipenen, desterruen, burokrazien eta inposaketen lokatzez zikindutako unez beteta utzi duten proiektuak dira.

Bisitariari hurbilekoak gertatzen zaizkion estrategiak erabiliz publikoarengan modu zuzenean gogoeta pizteko gaitasuna duen proiektu artistikoa da Ur azpian. Txus Bilbao-ren eta Juan Pablo Ordúñez Mawa-ren tankerako proiektuekiko elkarrizketan aberasten da. Baina orain 60 urte Azua, Garaio, Larrintzar, Mendizabal, Langara Ganboa, Orenin, Uribarri edo Zuhatzu Ganboa herriak utzi behar izan zituztenen esperientziarekin lehen pertsonan konektatzeko gai ere izan da, eta hori oso garrantzitsua da. Herri eta biztanle haiek aitorpen zain daude oraindik ere, beren ondasunak, sustraiak eta bizi-proiektuak eskaini behar izan baitzituzten guk gaur egun uraz eta hark sortzen duen argindarraz gozatu ahal izan dezagun, baina baita gaur egun hain boladan dauden aisialdirako esparruez ere, hori bilakatu baita uren azpian istorio ugari gordetzen duen paisaia hori.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s