Weeble-Tentetieso|Andrea Abalia testua (eus)

Andrea Abalia

Sabel puztuko soslai enigmatikoek, beheko gorputz-adarrik gabeek, betetzen dute Txaro Arrazola artistak Zuhatzu-Kuartangoko bainuetxe zaharrean sortutako erakusketa. Emakume ezezagunen irudi jakingura eragileak, obsesio gisa errepikatzen direla diruditenak; kendu zaien zerbait edo bakean alde egitea eragozten dien zerbait eskatzea beste erremediorik ez duten mamuak.

Artistak berak aitortzen du egungo sail horrek 1990eko hamarraldian izan zuela sorrera, bere Autorretratos transparentes izenekoetan. Amatasunaren, ez-amatasunaren inguruko gogoeta bat da, eta amatasun komertzializatu edo subrogatuaren ingurukoa, beste alderdi bitxi eta konplexu batetik igaroz, egilearen hitzetan: «emakume izan eta jakinaren gainean ama ez izatea aukeratzea, agian gehien hunkitzen nauena, nik bizi izan dudalako. Ama izatea baldin bada emakume gisa dugun xede bakarra, orduan, zer eta nor naiz ni seme-alabarik izan ez badut?».

Arrazolak aitortzen du «ahalegin ia psikomagiko bat egin duela gizartearen eta kulturaren mendeetako aginduen ondoren bere psikean irarritako derrigorrezko amatasunari buruzko programazioaz libratzeko». Hala, bere lanetan kutsu poetikoz jantzirik ageri dira arropa garbitzea, sukaldean aritzea, ehuntzea eta, jakina, haurdun egotea, zeina ez baita itxarotea besterik, artistaren hitzetan, «betiereko Penelope gogoetatsuaren antzera, egin eta desegin, denbora aurrera doala». Baina ehungailua artearen eta bizitzaren metafora da: bere bilbearekin, eta lanaren pazientzia eta bakardadearekin, haren patuaren gaineko kontrola da, Homeroz geroz emakume baten bizitzako benetako luxua.

Arrazolaren lana inkontzientearen motibazioetatik jaio bada ere, haren diskurtsoa ahots eta begirada guztiei lekua emango dien sentitzeko modu demokratiko batekin lotuta dago. Artistarentzat feminismoa atari edo ate kontzeptual bat da arteaz eta haren mintzairen bilakaeraz gogoeta egiten laguntzen diona eta artearen historiaren eta bizi garen munduaren ikuspegi eraldatu bat argitzeko. Horregatik bi artelan hauek amatasunari beste esanahi bat emateko ahaleginaren emaitza dira, hau da, «natura aitzakia harturik emakumeak bestetasun egoera batera baztertzen dituen mendekotasun sinbolikoa indargabetu nahi duen ikuspegi batetik beste esanahi bat emateko» ahaleginaren emaitza. Hala pitxerrak, murkoak eta ontziak ematen duten gorputzen irudiak ikusten ditugu amatasuna emakumearen alienazio gisa aipagai dutela.

Gaur egun «haurduntza subrogatu» esaten zaion fenomenoak laburbiltzen du artistaren ustez amatasun alienatuaren ideia. 2017 urtean Vermont-en (AEB) egin zuen egonaldiaz geroztik ari da gai hori ikertzen. Artista oso kritiko ageri da merkatu horrekiko,[1] emakume haurdunei ematen zaien trataeragatik batez ere, «non ama ez baita ezer, eta bezeroa, berriz, dena baita». Egilearen hitzetan «haurduntza subrogatuaren giltza ondasun irrikatu horren fabrikazio prozesuan ama ezabatu eta produktu bazterreko eta baztergarri bihurtzeko bidea emango duen lege bat ziurtatzea da». Amatasun subrogatuari egin zaizkion kritiken ondorioz, subrogazio «altruista»ren ideia zabaldu da. Modalitate horretan, emakume batek altruismoaren onura hutsaren truke izango luke umea, erditzeak berekin dakarren arriskuarekin. Artistaren ustez «oso prezio baxua da egindako ahaleginaren aldean, eta hori ezin da erakargarria izan gizarte honetan baizik, non emakumeak sakrifikatzen dutenaren arabera baloratzen baitira eta ez lortzen dutenaren arabera.

Sakrifizioaren ideia baliabide askoren bidez islatzen da haren lanetan: gehiegizko zama bati eustea edo zama bat arrastaka eramatea, egonkortasunik eza, objektu bihurtutako, bilbatutako edo zartatutako aurpegiera baten barruan harrapatuta egotea… Artistak Weeble-wobble edo tente-potente baten irudia erabiltzen du: esfera erdi baten itxurako oina duen panpina bat, edozein norabidetan etzan eta kontrapisuak beti zutik amaitzeko aukera ematen diola, oreka ezegonkorrean, inguruan zer gertatzen den.

Norabide zeiharretan lerratuz sareko azal-mintzak eratzen dituen marra gorri bihurgunetsu baten bidez osatutako irudi sorta batek osatzen du Weeble-wobbles lana. Aurrez aurre edo alboka kokaturik, presentzia totemiko bat dute, Willendorf-eko Venus zaharrarenaren antzekoa, ustez ugalkortasuna emateko egina. Baina paleolitikoko musak ez bezala, weeble-wooble-ek ez daukate sexu-ezaugarririk eta ez dira bakarrak: matrioxken antzera errepikatzen dira, inkubatzaile eginkizunaren alde.

Artelan askotan agertzen dira joskintza eta oihalak. Hemen, marra gorriek, margotutako ile edo hariak balira bezala, umekiaren eta amaren artean sortzen den harremana dute aipagai, haurdunaldiaz eta erditzeaz harago biengan iraungo duena. Holograma moduko itxura birtualak haurdunen irudia desnaturalizatzen laguntzen du. Zerean datza, gainera paradoxa: armiarma-sare modura eginda daudenez ezin dute benetako edukiontzi gisa jokatu. Beraz, ezinezko xede bati zor zaio haien izatea, saririk gabeko sakrifizio bati, motzean: alienazio bati.

Erakusketan nabarmentzekoak dira, orobat, objektuzko lanak. Sabaiari soka batez lotutako bi buiak osatzen dute Defensas instalazioa. Egiturak 1990eko hamarkadako artelanak dakartza gogora, non esfera txiki-txiki bat utero batekin lotzen zen. Instalazio elkarreragilea da eta ikusleak buietan kulunkatzeko pentsatuta dago. Hemen ez dago amarik, baina gure zama jasan behar du haren gainean kulunkatzen garela. Vestido para ti naturaren eta antropomorfismoaren arteko hibrido poetiko bat da, aldi berean lanpara eta ezkontza-soineko itxura hartzen duena. Iratxo baten antzera erakartzen gaitu bular piztuarekin. Nabarmentzekoa da pieza honen kokaera, hau ere sabaitik zintzilikatua, kontakizun erromantikoen inspiratzaile den mamu-emazte edo -andregai baten aurrean bageunde bezala. Hala ere, gizonezko irudimenaren alabak izan dira haiek. Artistak bere ikuspegia eskaintzen digu hemen, joandako emazte eta amak omenduko balitu bezala edota alde batera uztea erabaki zuen «erditze» hari agur esango balio bezala.

Txaro Arrazolak amatasunari buruzko gogoeta konplexu bat eskaintzen digu, ikuspegi psikoanalitiko eta kritiko bat biltzen dituena, eta, horrekin batera, hizkuntza artistikoen azterketa bat, marrazkitik eta josketatik jaio eta eskulturatik eta instalaziotik igaroz ekintza batekin amaitzen dena. Artistak giza tente-potente bat sortu du, poliester erretxinezko esfera erdi baten bidez. Bera barruan sartzeko pentsatuta dago, eta bere larruan gorputz gauza bihurtuaren alienazioa bizitzeko, Zuhatzu-Kuartangoko bainuetxeko kapera den inguru boteretsuan oreka ezegonkorrean. Berriz ere 1990eko hamarraldiko «andregaien» aipamena. Sorkuntza artistikoak iraganeko esperientziak berriz bizitzeko eta inoiz bizi gabeko agertokiak sortzeko aukera bikoitza eskaintzen digu: kontua ez da amaiera ezagutzea, abenturaren bidaldiak zeharkatzea baizik.

[1] Artistaren ustez haurduntza subrogatua baliabide ekonomikorik gabeko emakumeak enpresa bitartekarien onurarako esplotatzen diren negozio bat da. Enpresa horien eginkizuna da elkarrekin harremanetan jartzea bikote dirudunak eta emakume behartsuak, zeinak beren osasun fisiko eta mentala jartzen baitute arriskuan bikote horien haurrak izateko nahia asetzeko.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s